1926ko irailan gertatu zen, Miami hiria eta inguruak birrinduta geratu zirenean hurakan bortitz baten ondorioz, hiri osoko ekonomia zulo beltz batean amilduz. Ondorengo aurreneko urteak ez ziren samurrak izan. Pedro Mirrek, 40 urte geroago gogoan zituen urte haiek: «Frontoia ez zijoan batere ondo. Nagusik errentan eman zuten frontoia eta kudeatzaile berrik, Sam Cantor izeneko bat buru zela, zer egin zuten? pilotari txarrak kontratatu. Ez zuen itxura onikan. Egun batean joan ginen txekea kobratzea eta zer gertatuko, sosik gabeko txeke zuriak zirela. Geroztikan astero ordaintzera behartu genien; boletoa berriz, egunean.
Denboraldia hiru hilabetekoa izaten zen; ondoren, pilotariak Cubara itzultzen ziren, batzuk Euskal Herrira. Cubarako bidaia Miamitik Cayo Huesora (Key West) trenez, ondoren baforez. «Ikaragarrizko beroa egiten zuen trenean, lehioak zabal-zabalik derrigorrez, baino orduan moskitoek erasotzen gintuzten zoratu arte. Cayo Huesotik La Habanara itsasontziz joateko 30 dolar ordaindu behar. Baforea Tampatik etortzen zen Cayo Hueson eskala egiteko. Hegazkinez joanez gero, 29 dolar kostatzen zen pasajea».
Gauzak erabat aldatu ziren Bostondar (Massachussets) jatorrizko Richard Berenson izeneko entrepresariak Biskayne Jai Alai erosi zuenean,1933.an hain justu. Pedro Mir «El Catalansito» (horrela deitzen zioten lankideen artean) ez zuen dudarik izan. Aurreikusteko gaitasuna edo suertea, hasiera batetik bikote osatu zuen Berensonekin. «Ni, Mister Berensonekin egon nintzen 23 urte nituenez geroztik, pelotari bezela lehenbizi, epaile lanetan, eta azkenik, intendente moduan. Azken lan postu hontan 42 urte eman nituen. Nik beti etorkizunara begiratzen izandu dut. Bai, Mister Berensonen konfidazko gizona izan nintzen».
«Zorrotza, disziplinaren aldeko izandu naiz beti; zer esanik ez nire mende egon diren pilotariekin»… Hitz hauek entzunda, gogora etortzen zait Don Pedrorekin egondako pilotariak, nire anaia Jesus Mari eta beste asko. Bulegora deitzen zuenean, errita egiteko edo, haren «bisigu begiak» atera beharrean, beldurgarriak omen ziren. Bestaldetik, derrigorrez zorrotza izan behar sosegatu ezinezko hainbeste gazteei aurre egiteko.
Agindua hartu bezain pronto lehenbiziko neurria izan zen kuadroaren joko maila hobetzea, horretarako pilotari hobeak kontratatuz. Hain zuzen, elkarrizketa barruan azpimarra jartzen du Mirrek esanez betidanik izan zuela Miami Jai Alai-ak pilotari onenak izateko konpromisoa.
Beste neurri bat: apustuak legeztatzea. 1925. urtetik, Hialeah-an (Florida), ondoren Biskayne frontoian, zortzi urteko tartean apustuak hutsune legal batean zeuden. Ez zegoen inongo kanpoko kontrolik, ezta Estaduaren aldetik. 1933.an, Berenson harremanetan jarri zen agintariekin eta, geroztik gaurdaino Estadoaren Racing Commision sailak gainbegiratzen du apustuari dagokion guztia.
«1934an legeztatu ziren apustuak Floridan. Berehalako ondorio onuragarria ekarri zion jai-alairi: jendearen aurrean sinesgarritasunean irabazi zen. Negozioak goraka egin zuen. Bestaldetik, azpimarratu behar «Great Depression» urte haiei hobetogo egin zietela aurre Miamiko zonaldean. Pam American eta Eastern hegazkin konpaniek Magic Cityn hartu zuten abaro. Orange Bowl bezelako festibala garai hartan sortu zen. Beraz, ez da harritzekoa turismoak nabarmen goraka egin bazuen jai-alai mesederako.
Diru iturriak frontoairentzat. «Good business» zioen Pedro Mirrek. «New Deal» gobernu federalaren barruan 16.000 Miamiko biztanle jarri ziren lanean eskolak, posta bulegoak eta suhitzaileentzat parkeak eraikitzen. Hamarkada hortan, 30.an, Liberty Square auzo berri bat eraiki zen, afro-amerikarrentzat, hiriko iparmendebalean.
«Jaialdi bakoitzean zazpi kiniela jokatzen zituzten. Urteen poderioz kopurua gehitzen joan zen. Tarteka partiduak ere antolatzen ziren, pilotari onenekin. Diru sariak pilotarientzat kiniela bakoitzeko: bost dolar irabazlearentzat; hiru bigarrenarentzat eta bi hirugarrenari» (pentsatzen dut banatu egingo zela bikotearen artean).
Estatu Batuak Munduko II. Gerran 1941.an sartu ziren. Ondorio txarrik ez Miami hiria eta Dade konterriarentzat. Ehun milaka soldaduentzat kanpamenduak altxatu ziren bertan, soldaduak gerrarako prestatzeko. Bertako untziolak lanez gainezka, bi errelebotan, jo eta ke lanean gobernuarentzat. Aireportu munizipala, frontoairen sahietsean dagoena, militarren esku geratu zen.
«Gerra garaian», zioen Pedro Mirrek. «Hipodromoak eta kanodromoak ateak itxi zituzten. Jai-Alaia irekita bakarrik. ¡Hura pagotxa! egunero lepo. Ikaragarrizko urte oparoak izan ziren frontoiarentzat. Soldaduak maiz jeisten ziren kantxara, pilotakada batzuk, saskiarekin froga egin nahi zutela eta. Bai arriskutsua, gizona. Mutil puska haiek, sasoi betean, eskuan xistera zutela… edonora botatzen zuten pilota, frontisera ez ezik»… (barrez lehertzen)
Bat batean, Pedro Mir emozioz gainezka ageri da elkarrizketan, egun haiek gogoan. «Pilotarien desfilea jende aurrean, Desi Arnaz zuzendariaren orkestrak pasodoble bat jotzen zuen bitartean»…
(Jarraituko du)