Bisitaria

Taxia estankoaren aurrean gelditu zen. Gidaria denda barrura begira. Hiru segundu geroago agure bat jetxi zen automobilatik. Bisitariak txapel zabal bat zeraman buruan, «Euskal Herria» eskudu bordatua aurrekaldean. Bastoi batean lagunduta hurbildu zen. Jakaren azpian kamiseta bat: xistera baten marrazkia, gainean «Siesta Punta» agertzen zen.

Nirekin berba egin nahi zuela. Konbidatu nuen kafe bat hartzera inguruko taberna batean. Ezetz. Taxiaren gidaria zain zuela. Luze jo gabe, zuzenean azaldu zidan bisitaren arrazoia.

60.000 euro lapurtu zizkiotela kartilla batetik. Pelotan aurreztutako sosak, Filipinetan gehienak. Bankuan siadura faltseatu eta diru guztia atera dutela. Nor izan ote den, susmoren bat, ba al duen, galdetu nion. Baietz, berak.

«Guillermo izan da». «Guillermo…»? nik. «Guillermo Amutxastegi, fenomenoa…»? nik berriro.

«Bai. Ondarroan dabil egun hauetan»… Pazientzia galtzen hasia naiz. Antzarrak perratzera bidaltzeko gogoa ematen dit. Esaten ari dena erokeri bat dela esan beharrean, zoro bide beretik jarraitzea erabaki nuen. «Zoaz berarengana eta argitu ezazu afera hau», esaten diot. «60.000 euro diru asko da». Ezetz berak buruarekin. «Dagoeneko diru guztia xahutua izango du alforja horrek. Guillermo akabatu nahi dut. Zure laguntza behar dut. Sikario bat nahi dut kontratatu»…

Ez diot jarraitzen uzten. «Aizu, ni estankero apal bat naiz»… Orain bera da mozten nauena. «Zuk baduzu informazioa. Preziatua gainera. «Wheeler kasoaren gainean idatzi zenuen. World Jai-Alaiko ugazaba hil zutenekin berba egin nahi dut». Txaketaren patrika batetik ateratako paper mutur bat jartzen dit begien aurrean. Fotokopia bat da. Liburu baten azala: «Hitman» (Sikarioa), by «Howie Carr».

Beldurtzen hasi nintzen. Urruti samar ez ote zihoan. «Johnny Martorano-ren telefono zenbakia behar dut»…

«Baino, baino»…, nik. «Martorano libre geratu zen kargo guztietatik, federalekin tratua egin eta 15 urte preso eman ondoren. Auskalo, honezkero, bizi bada erabat zaharkitua egongo da. Gauza ez dela ezta tiro egiteko»… ez zait okurritzen ezer gehio esatea, akorralatua sentitzen naiz.

Bastoiaz, bi kolpe bortitz eman zituen baldosa batean. «Kontakto ona dituk. Lortuko didak Martoranoren zenbakia». Eskerrak bezeroak banan-banan denda sartzen hasi zirela. «Emaizkidazu egun batzuk. Saiatuko naiz Howie Carr-ekin harremanetan jartzen», esaten diot. «Berak izango du Martoranoren berri».

Alde egin zuen pelotari beteranoak. Buruan txapela, «Euskal Herria» eskudua bordatua. Bastoiaz lagunduta. «Siesta Punta» kamiseta txaketa azpian. Taxia zain zuen.

Telefonoa hartu eta berehala deitu nion Iriondo «Papardo» ondarrutarrari. «Aizak Juan Mari, Guillermori esan ospa egiteko Ondarrutik. Miami, Cuba edo Mexicorantz. Johnny Martorano atzetikan dik».

Deja un comentario