«Slow motion»: gazi eta gozo

Desiatzen nengoen tantua bukatu bezain pronto errepikamena ikusteko, «slow motion», mugimendu geldoan, mantso-mantso… Ikusi al huen atzoko finala, Javier, Perú urrunetik…? Ederrak irudiak benetan. Hi bezela, arabarrak omen dituk kamera modernoekin dabiltzaztenak, laudiotarrak hain justu. J. C. Lopez eta Kepa Goiri. Sekulako inbertsioa egin (hala iruditzen zait neri behinik behin), 300.000 eurokoa, hi. Izan ere, teknologia bazter guztietan ari zaigu sartzen. Motozikismoan erabiltzen omen dituzte azken orduko kamerak; baita pilotan ere, bigarren aldiz atzokoan. Ba al dakik gauza bat? Atzoko irudiak ikusiz zera etortzen zitzaidala gogora: zestapunta emanaldietan halako kamerak erabiliko balituzte… Zeren eta, jai-alaiak zerbait baldin badauka ikusgarritasuna da. Enbil, esate baterako, ezker paretatik gora jauzi egiten duenean… ikustekoa izan behar dik mantso-mantso. Gertatuko al da halakorik.

Dena dela, ikuskizuna pilotariek ematen dute. Kamerek, esatariek, jantzi, edertu egiten dute, osagarri gisa. Protagonistak ordea, artistak dira. Horregatik hainbesteko ikusmina; Bizkaia pilotalekua aukeratu izana eta ez, Atano III. Bi horiek topo egiten dutenean finalean, hor gaude denok begik atera beharrean. Bazter guztietan gainera, internet dela eta, edozein munduko txokotik, euskalduna erne. Hi, Perún, nire semea Floridan. Euzkitzek jasotzen dituen mezutan, Italiatik, Frantzia… Ditxosozko internet, gizona.

Alde batekoa edo bestekoa izan behar haizela ematen du. «Zeinen alde hago Irujo edo Aimarren alde»? ohizko galdera ezta? Parte hartu behar, konprometitu. Ezin neutrala izan. Zergatik ote, Javier? Gizakiok barrun daramagun arraren bat? Jarrera dikotomikoak, irabazi-galdu, garaipena-porrota, zuri-beltza… Abiadura-moteltasuna… Gaur irakurri det Irujok pilotari emandako abiadurari esker nagusitu zela. Ni ez natxiok hain seguru. Besteetan ere eman izan dio abiadura Irujok; baita Aimarrek jaso pilota gaiztoak, ikaragarrizko defentsa lanetan. Atzo, aldiz, goizuetarra makal zebilen, eta ez diot kamerak jasotako, «slow motion», irudietan, bestela baizik, piloteoan.

Olaizola II.ak esaten zuen aurreko egunetan ez zegoela sasoi betean. Nik uste nuen presioa kentzeko modu bat zela, defentsa mekanismoak, psikolojikoak oraingoan. Behingoz sinestu egin behar Goizuetako azeriari. Hala ere, 17 tanto egiteko gaitasuna, horra hor nolako pilotari den seinale. Bere berezko mailatik koska bat behean baino, lehiakor, hala ere. Atera kontuak.

Gaur taberna batean kafea hartzen ari nintzela hala esaten zuen batek: «Bai, Olaizola ere, zahartzen ari duk, 35 bat urte edukiko dizkik dagoeneko. Onenak emanda». Esaiok ezetz, esaiok naiz Euzkitzek bertsolaritza utzi zuen urte adina daramala profesionaletan Aimarrek, 16 bat urte, adin egokienean dagoela goizuetarra, urrun oraindik azken bertsoa botatzeko Euzkitzek bota zuen bezela duela 16 urte:

«Bertsoak denetik du
gazi eta gozo
batzuetan gazitik
gehiegi akaso.
Kasik atzo goizean
esan nizun «Kaixo!»
agurrera iritsi
naiz pausorik pauso…
adio, bertsozale,
maite zaitut oso».

Segituko degu beste batean, Javier. Esperoan gozatuko hukela finalarekin, naiz beste mundukoa ez izan arren –pilotak, bertsoa bezala, denetik dik, gazi eta gozo, Aimarren kasoan, gozotik gazitik baino gehiago, naiz igandekoa gazia izan zeharo. Gutxienez hire herkide diren arabarrek eskainitako «slow motion» irudiekin gozatu genuen.

Besarkada, Donostiatik.

Deja un comentario