Pedro Mir New Yorken

Pilotaleku bat teatro batean? Burutik ala..? Are gehiago, New Yorken, Manhattan bertan, Times Square plazatik sagar batera. Ba, bai, halakorik gertatu zen 1938.an, hain justu. Ez zuen asko iraundu frontoiak, bost hilabete bakarrik. Zergatik? Agintariek eman ez zutelako apustuak egiteko baimena. Trabesarik gabe, jai-alaiak ez du kabidarik Ameriketan.

Saiatu, saiatu ziren gogotik Richard Berenson (Biskayne Jai Alaiko nagusia) eta Micke Jacobs (boxeoko promotorea). Osa zezaketeen pilotarien kuadro bikainena bildu zuten. Segundo, Pistón, Guillermo, Gabriel… 35 pilotari denean, garai hartako onenak, Pedro Mirren aburuz.

Batek daki zer bilakaera hartuko zukeen jai-alaiak Hippodromoan apustuak egiteko baimena lortu izan balute. Ez zen halakorik gertatu, ordea.

Hipp0drome antzerkia seigarren abenidan kokatzen zen, 43 eta 44 kaleen artean. 5.220 eserleku zituen (ikusi argazkia, ikusgarria benetan). Eszenategia 12 bider edozein Broadwayko antzerki baino. Ahalmena zuen 1.000 «performance» desberdinak batera eskeintzeko; hau da, zirko oso bat elefante, zaldi eta guzti. 1.905.an eraikia izan zen. «A Yankee Circus on Mars» produkzioarekin.

unnamed-1

Hasieratik berebiziko artistak pasatu ziren bertatik, disziplina desberdinetan. Musikariak: Stravinsky, Shuman, Debussy, Ravel, Falla… Baita opera kantariak, Caruso, esate baterako. Mae West, Josephine Baker… Houdini magoak sekulakoa egin omen zuen 1918.an: pistola batekin tiro egin eta bost tonako elefantea desagerraraziz. (Arrapa ezak hori).

Pilotan, jai-alaian, aritzeko saioa 1938an egin zuten, abuztuko 18an, asteartarekin. Ateak zabaltzeko ordua iritsi eta, sekulako estuasunak. Artean, lanak bukatu gabe. 24 ordutan egokitu izan behar zuten pilotarako –bi egun lehenago zirko baten konpainiak okupatzen zuelako. Pedro Mirren aginduz injenieri talde bat aritu zen buru-belarri 40 metroko kantxa antolatzeko.

«Inaugurazioa 20:15an hastekoa zen. Artean, ordu laurden bat lehenago obra amaitu gabe. Apustuak egin ziren ezetz garaiz hasi, bost-bata (5 to 1). Jacobs eta Berensonek (enpresariak) 50 langile jarri zituzten jo eta ke lanean. Baita bukatu ere».

«Inaugurazio ekitaldia zoragarria izan zen, inoiz ezagutu ez dena frontoi batean. Maria Creber (grabazioan ez diot ondo ulertzen izena) kantariak abestu zuen. Jai-alaiaren historian lehenbiziko aldiz irratiz eman zuten hango berri, baita partidua erretrasmititu kosta batetik bestera (USA osoan). 300 kazetari, publizitatea asko, egunkari batek orri osoa eskaini zion… Ni nintzen epaile nagusia eta intendente aldi berean».

«Estelarra Gabriel eta Guillermok jokatu zuten Pistón eta Segundoren kontra. Partidua ona atera zen eta 29na berdindu ostean, azken tantoa, ederra» (ez du aipatzen irabazlea).

Pedro Mirrek pasadizo zelebre bat aipatzen du:

«Ni erdiko epaile lanetan ari nintzela, Egibar «Micky Mouse», oso tipo xelebrea, aurreko epaile. Halako batean, Guillermok sekulako engantxada jaurti zuen. Hartzen det nire aulkia ziztu bizian eta, derrepente somatzen det zerbait nire atzean, pega-pega eginda. Zein izango eta Egibar babes bila nire bizkarrean. Ze karako dek hau, esan nion, alde egin ezak hemendik» (farrez lehertzen kontatzen du).

«Nire urte guztietan epaile bezala, behin bakarrik jo zidan pilotak. Guillermo ari zen buruz buru jokatzen. Ez zen errematatzailea, behin ordea, orma-biak bota zituen errebesarekin. Pilotak botea egin beharrean, arrastaka etorri zen niregana, horkotila batean ez, bitan joz baizik».

«Abentura izaten zen epaileentzat esku batean aulkia, raketa bestean, pilotaria erreparatu behar»…

Egunak joan ziren eta apusturako permisoa iritsi ez. Pixkanaka-piskanaka, gero eta jende gutxiago, boxeo emanaldiekin tartekatu, alferrik. Enpresak deitu zien pilotariei eta soldatak erdira jetxi zieten. Batzuk onartu zuten, La Habanarako bidea hartu zutenak izan omen ziren.

Kantxa bera, apurka-apurka, desegiten paretak, zuloak hemen, pitzadurak han. Ez baizegoen prestatuta pilotakaden erasoak jasotzeko.

«Guillermo Miamira etorri zen gurekin. A zer nolako pilotaria… zaindu izan bazen» (bitxia da Mirren aipamen hau; izan ere, badakigu ikaragarri jokatu zuela ondarrutarrak, hala ere, Mirren aburuz, oraindik gehiago eman zezakeen pilotari izan Guillermo).

Bost hilabete eman zuen zabalik Hippodrome pilotalekuak, inaugurazioa astearte batean, 13an, batzuentzat, egun madarikatua. Arrazoia, ordea, bestelako zen: agintariek trabeserako baimena ukatu izana.

Hippodrome teatroa 1939an suntsitu zuten, terrenoaren prezioa Manhattanen gorakada haundia egin zuelako. Munduko II. Gerra zela eta, orubea hutsik jarraitu zuen 1952 arte. Ofizinetako solairuak eta garajeak eraiki zituzten bertan. Hori bai, jatorrizko izena, mantenduz: «Hippodrome Center».

 

Deja un comentario