Militantismoa

Gaurko Diario Vasco egunkarian Koteto Ezkurrari egiten diote elkarrizketa bat. Gauza interesgarriak aipatzen ditu Doneztebeko (Nafarroa) artistak. Hamaika aldiz irabazia du Banakako Erremonte Txapelketa. Lau bider bi-bitan jantzi du txapela. 41 urte ditu eta lanean jarraitzen du erremontea eskuan duelarik. Jokatzen segitzeko esperantza ez du galdu baldin eta goi mailan jokatzeko gai den bitartean.

Urrezko urteak joanak ziren aspaldian erremonte joko moldearentzat. Udaran bakarrik 39 jaialdi antolatzen ziren Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Neguan, berriz, lau egunetan astean. «Zoritxarrez historia da dagoeneko». Ekonomia aipatzen du; baita belanauldi berriek bizkarra eman diotela erremonteari. Hala ere, itxaropentsu agertzen da Koteto Ezkurra. «Komentzituta nago bizirik jarraituko duela lana eta ilusioaren poderioz. Elkar hartuta itsasontzi hau portura eramando dugu. Azken urte eta erdian kuadroko remontistak militanteak izan gara. Merezi du ahaleginak… (…) Zorte handiko pilotaria izan naiz. Urte guzti hauetan balio nuenari dedikatu eta oso ondo bizi izan naiz gustuko lanari esker».

Larre motzeko kirola bihurtu da erremontea. Harrokeri handirik gabekoa. Horra hor militante hitza. «Militanteak izan gara»… Errezena zuen Kotetok agur esan eta hor konpon gainentzekoak. Baino, ez; jarraitzen du. Militante bezala. Gehien behar denean hor azaltzen da giza balioa. Txapeldun ikaragarria kantxan; baita kanpoan ere.

Gurean ere, beste txapeldun batek hitz egin du eta zer esana eman du. Imanol López, «Mariskalak», uko egin dio Miami Jai Alairi. Momentuz behintzat ez du jokatzeko asmorik, inon, ezta Euskal Herrian. Errespetagarria. Nola ez, ba.

Larre motzean ez dakit baino bai premia gorrian aurkitzen dela baita ere zesta-punta. Erremontearekin parekatuz agian zertxobait egoera hobea jasatzen ari dela jai-alaiak, esango nuke, bajutikan ordea. Batak zein besteak Gobernuren laguntzarik gabe bereak egin du. Hego partean behinik behin.

Nik ez dakit Ezkurrak saskia utziko balu zer gertatuko zen Galarretarekin, kolpe morala latza, seguru. Lopezek Euskal Herrian ez jokatzeak ez du inongo eraginik, berdin-berdin burutuko da denboraldia. Jarrera kontua da, ordea. Gesto bat. Baita sinbolikoa.

Inori ezin zaio eskatu militante izatea. Barrutik ateratzen den zerbait da. Kotetoren diskurtsoa da: hainbeste eman dit erremontea, nik itzuli egin behar diodala, eta berriz ematen jarraituko dit. Espiral baten moduan, nik hala ulertu diot.

Ohore zuri Koteto Ezkurra jauna.

Deja un comentario