Perlak, kolpeak, pilotariak

Kaixo Jon. Asteburu hontan ez dugu Binakako eskuzko Txapelketarik, hurrengoan jokatu baita finala. Izango dugu horretaz hitz egiteko denbora. Gaurkoan, irakurri berri dudan liburu bati buruz hitz egingo dizut. Perlak, kolpeak, musuak, traizioak, du titulua. Egilea da Joxe Mari Iturralde, Tolosan (Gipuzkoa) 1951an jaioa, beraz, ni baino bost urte zaharragoa.

Iturralden gurasoak ezagutu nituen Tolosan bizi ginen denboran. Janari denda txiki bat zeukaten, gu bizi ginen auzoan, Ibarrara zeharkatzeko zubia baino lehentxo.

Liburua oso gertukoa egin zait, idazleaz gain, kontatzen duena ere hurbilekoa sentitu dut. Protagonista nagusiak bi dira, boseolariak biak. Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga. Uzkudun errezildarra zen, gure amona Maria bezala, ama zenaren partetik. Gogoan dut amonak esaten zuela senideak egiten zirela, bera eta Uzkudun; herri txikietan ez da harritzekoa.

Isidoro Gaztañaga, berriz, zuk ere ezagutzen duzun nire kuadrillako Joxe Mariren osaba zen, Ibarrako (Gipuzkoa) Etxe-Txiki baserrian jaioak biak.

Iturraldek bien istorioak kontatzen ditu. Lehenego urratsetatik bukaeraraino. Biek lortu zuten berebiziko ospea boseoaren munduan. Adiskideak izatetik, etsaiak bilakatu ziren denboraren poderioz. Ez ziren inoiz elkarren aurka borrokatu, naiz eta, Isidorok ahaleginak egin. Uzkudunek beldur zen galduko zuela. Gauza bera gertatu zitzaion Joe Luisi. Hitz emanda zeuden bien managerrak, borroka eguna eta tokia. Azken unean, ordea, atzera egin zuen Joe Luisen taldeak. Nonbait, Max Smellingnen managerrak ikusi zuen Gaztañaga boseatzen Alemanian eta har eta zur utzi omen zuen. Joe Luisen ingurukoei esan zien ez borrokatzeko Gaztañagaren kontra. Izen gutxikoa baina —pilotarien artean esaten dugun bezala—  joko handikoa zelako.

Azkenean, Joe Luis Uzkudunen aurka boseatu zuen. Artean izen handikoa eta jo gutzikoa errezildarra. KO tekniko bitartez irabzi zion Detroiteko Bonbaketariak errezildarrari.

Biak, Uzkudun eta Gaztañaga, emakumezale amorratuak ziren, parranderoak ere. Gaztañaga batik bat. Muturreraraino. Liburua irakurtzen ari nintzela Gillermo Amutxastegiten figura etorri zitzaidan gogora. Ondarrutarra, 1910an jaioa, Gaztañaga baino lau urte gazteagoa, zortzi Uzkudunekin alderatuta. Paralelismo handiak daude euren bizitzan. Dena lortu zuten. Fama, dirua, emakumeak. Ezin ase ordea. Hirurak izan ziren garai berekoak, izango zuten elkarren berri, Bartzelonan, New York edo La Habanan. Uzkudun, Gaztañaga eta Gillermo traza berekoak ziren. Indartsuak, segailak, berezkoa dohainak zituenak. Ordekatik amildegira pausoa emango zutenak..

Gillermo, dakizun bezala, urtetan atzelari onena izan zen jokatu zuen jai-alai frontoi guztietan. Zaintzen zenean, kantxa barruan ez zeukan parekorik; Gaztañagari berdina gertatzen zitzaiona. Onenei erraz irabazi eta erdipurdikoen aurka galduko zuten edozein momentuetan.

Hollywwodeko izarrak, opera kantariak, dantzariak, bedetak, putak eta perlak… Uzkudun, Gaztañaga eta, liburuan agertu ez arren, Gillermo. Herri txikitan sortuak, goi mailako deportistak izatera ailegatu zirenak, dirua erruz irabaziz, emakume ederrez inguratuta. Halako batean, den-dena galtzeko, miseria gorrian ibiltzeko. Karismatikoak, Gaztañaga eta Gillermo. Gaitz bat zuten. Amildegitik behera euren burua botatzeko joera geldiezina. Gidoilari baten aginduetara baleude bezala.

Arrastaka bukatu zuten, diruaren truke. Akordatzen naiz Gillermo ikusi nuenean Fort Piercen (Florida) boletoak saltzen pilota-lekuan. “Gillermo da”, esan zidaten. Begiratu nion eta entzundako kondaira guztiak bat-batean etorri zitzaizkian burura. Tristura sortu zidan han ikustea, dolar miserable batzuen truke azkeneko urteetan, Midas erregea izandakoa.

Zer egiten zuen Gaztañagak, Izzi Ederrak, La Quiacako (Bolivia) pulkeria batean, tipo batek hiru tiro botata zerraldo utzi zuenean?

Tolosako GU taldekoek —hainbeste lagundu ziotenek— ez zeukaten erantzunik. Txoriburu bat, erremediorik gabekoa, zioten.

Zer egiten zuen Uzkudunek falangistaz jantzita gerra garaian, metraileta eskuan… presoak seinalatuz, kamioian eramango zituztenak inoiz ez itzultzeko.

Gillermok San Antonion (Texas) eman zituen azken egunak. Zer egiten zuen bertan ondarrutarrak?

Behin eta berriro errepikatzen zuen berriro jaioko balitz, bizi modu berdina emango zuela, ez zela ezertaz damutzen.

Hollywoodeko gidoilari trebeenak ez zituen asmatuko Uzkudun, Gaztañaga eta Gillermo bezelako hiru pertsonaiak. Fatalismoz inguraturik eman zuten euren bizitza, bakoitza bere bidetik. Perlak, kolpeak, musuak, traizioak… irakurri besterik ez.

Aste on! Jon.

Deja un comentario