Guanteaz Cuban

Sarean surfeatzen tarteka harribitxi bakarren batekin egiten dezu topo. Hori da gertatu zitzaidana duela egun batzuk. «Semilas en el tiempo» web orrian bada tarte bat pilotari eskainita. «La Pelota Vasca en Cuba» izena daramana. Lehenengo atalean kontatzen digute nolakoak izan ziren euskal pilotaren lehendabiziko aztarnak Cuban.

Beti lotu izan da zesta-puntak Cuban izan zuen presentziarekin. Hasi 1901an eta amaitu 1962an, profesionalak jokatzen aritu ziren bertan, etenaldi bakarren bat salbuespen. Baino kontatzen diguten bezela lehendabiziko partidua Cuban ez zen zesta-puntaz jokatu; erreboteaz baizik, luzean. Artikuluaren egileak «erremonteaz» jokatu zutela kontatzen digu. Niretzat akats bat da; hain justu, erremontea 30 bat urte beranduago sortua izan zelako. Beraz, garbi geratzen da partidua errebotean edo «laxoaz» jokatu zutela.

Badirudi 1881an ba zela elkarte bat La Habanan «El Juego de Pelota» izenarekin. Bazkideak: «vasco-navarros y franceses», mugaz bi aldeko euskaldunak, alegia.

1881ko urriak 23an, elkarte honek antolatu omen zuen Vedadon «Partidu haundi bat, errebotean edo laxoaz (jatorrizko testuan remonte aipatzen da). Hamar jokora, guante motzarekin eta 3 1/2 – 4 ontzazko pilotekin.

La Habana ordezkatzen zuten jokalariak: José Larretxea, Alfredo Mokokain, Santos Barberena eta León Barberena.

Bolondrón ordezkatzen: Santos Bertiz, Agustín Bertiz, Bizente Alzueta eta Juan Kruz Oteiza.

Epaileak: Manuel Mandiola, Graziano Irosbere, Felipe Garbiso, Anjel Albistur eta Pedro Martinto.

Sekulako ikusmina nonbait sortu zuena neurketa honek. Ordu erdiro tren berezi bat atera omen zen Puntatik Vedadoraino. Kapitain Jenerala ere han omen zen, Espainia eta Frantziako banderak present. Txapelgorrien bandak jo eta ke aritu zen festa girotzen.

Habanako pelotariak txapela kolore gorriarekin; Bolondronekoak, urdinak. «Luzean» (a largo) da modalitate bat talde bakoitza bereizten dela marra batekin (tenisean bezela, sarearen ordez, marra). Kronikagileak zera kontatzen segitzen du: «Apustu ikaragarriak egin ziren, eta giroa ezin hobea jokalari eta ikusleen artean. Hamar jokora zen partidua eta bederatziena berdindu zuten. Zer gertatu zen?

Erabaki harrigarri bat gaurko ikuspuntutik. Publikoaren eskariaz, erabaki zen, «bleaz» (frontisaren kontra, joko-garbian bezela) jokatuko zutela eta ez «luzean»; emozioa areagotu egiten zuelako (espektakularrago, agian?). Joko-molde berrian ere berdinketa egin zuten.

Kontalariak ez digu argitzen nola bukatu zen partidua, zeinek irabazi zuen. Bakarrik, kazetari baten aholkua: aurrerantzean bi peso kobratu beharrean sarrera batengatik, peso batera jetxi zezatela. Aldi berean, sabaia edo toldoren bat jartzea komeni zela. Beste sujerentzi bat: emakumen harmailak bereiztea, ez gertatzeko kasu tamalgarriak neska bati gertatu zitzaiona bezela partidua ikusten ari zela. (Zer gertatu ote zitzaion dama gazte hari?)

Hara hemen, lehendabiziko aztarnak Cuban, xistera edo guantea eskuetan. Hogei urte beranduago, 1901an, zabalduko ziren La Habanako Jai Alairen ateak. Hau beste baterako utziko det.

Deja un comentario