Disfrutatzeko eguna?

«Disfrutatzeko eguna da»…, esaten du finalistetako batek. «Disfrutatzeko esan diot»… botilleroak pelotariari. Nik halako adierazpenak entzunda harrituta geratzen naiz. Benetan usten dute finalak, edozein kiroletan, baita buruz-buruko eskuzko modalitatean, protagonistek, gertukoek, gozatzen dutela?

Alderantziz, dinamika bestelakoa, urduritasuna, sufrimentua eta beldur eszenikoa denean gainetik daude. Edozein kiroletan, elitean, disfrutea ez da esistitzen. Beste gauza da ondorenean, behin lanak bukatuta, halako disfrutea sentitzea; oso laburra ordea; izan ere, erronka berriak bata bestearen atzetik datozelako. Irribarria txapeldun berria da, laino artetik jetxi bezain pronto, konturatu orduko, defenditu beharko du titulua, espero zaiona, espektatibak betetzea. Bai, elitea, guda da. Kirolariak, soldaduak.

Apezetxearen adierazpenak dira partidua bukatu ostean (Irribarriaren botilleroa): (…) «hala ere, ez dut batere gozatu, ikaragarri sufritu dut eta beldur nintzen azkeneraino, naiz eta bera ondo ikusi. Gainera, urduri ikusten nuen partiduaren hasieran, baina gero lasaitu eta bera izan da nagusi».

Sufrimentua, urduritasuna, beldurra… Emozio horiekin lurra goldatu behar. Gaur bertan entzun diot «Cholo» Simeoniri esaten, bigarrenarekin inor ez dela gogoratzen. Txapeldun izateko, ordea, gogotik sufritu behar da, larrutik ordaindu garaipenaren preziua. Garaipena eta porrotaren arteko marra oso fina da; huts pare bat une erabakiorrenean. Pelotak txapa jo duela; baloiak zutoina. Irabazleak eta galtzaileak bide berea jorratzen dute. Sufrimentua, urduritasuna eta beldurrak konpartintzen dituzte. Diferentzi bakarra da aurretik bukatzea edo atzetik. Bigarrena izatea ez du kontatzen. Ez da esistitzen. Horra hor, sufrimentua, urduritasuna eta beldurraren indarra.

Kirolari profesionalak soldadu berriak dira. Gladiadoreak non kantxa gudalekua bihurtzen da. Helburua aurkaria birrintzea da. Hoa «marine» batengana eta esan: «Disfrutatu, gozatu, ondo pasa», bizkarra igurtziz. Autoengainua, zurikeriatik gertu daude hitz horiek. Benetako desafioa da sufrimentua, urduritasuna eta beldurra manejatzea.

Apezetxeak, Irribarriaren senide eta lagunek, majo sufritu zuten. Ikerrek ordea, motxilaren barruan sartu zituen urduritasuna eta beldurrak eta sufrituz heldu zen 22ra arte. Disfrutatu, batere ez.

Deja un comentario