Tapia II.

Egunkari batean irakurri berri dut Tapia II hil dela. Txoria habiatik hegan joaten den janariaren bila, hala joan zait gogoa memoriaren ganbarara, alpiste bila. Ume garaietara eraman nau, Tolosara, Beotibar pilotalekura, artean nire bigarren etxebizitza zena.
Josita geratu zitzaizkidan eskuzko pilotarien izenak: Barberito, Ogeta, Arriaran anaiak, Migel Soroa, Atanillo, Azkarate, Retegi I, Berasaluze IV, Bergara I, Iribar, Ezkurra… eta nola ez, zerrenda luzean: Tapia anaiak.
Bi anaien artean aurrelaria, Tapia II. Pilotari ikusgarria, merezi zuen arrisku guztiak hartzea haren boleak ikusteagatik soilik. Patilla haiekin, tripa… ikuskizuna eskaintzen zuen Tapia II.ak. Golfoa zela esaten zen, pilotaria eta golfoa binomioa zen garaietan. zabaldutako topikoa, gizartean sustraituta. Funtsarik gabe batzuetan, ez besteetan ordea. Pilotariak, pilotariak ziren soilik. Kirolariak… kontzeptu berriak dira horiek. Gaur egungo parametroetatik urrun mugitzen ginen orain dela berrogei bat urte (agian, ez da hain urrutira jo behar).
Kirolariak dira oraingo pilotariak, edozein kirolarekin homologatzeko modukoak. Ez Tapia II.aren garaian.
Frontoian pulitutako diamanteak ziren Tapia II.a bezalako talentu naturalak. Jolasatik sortutako artisauak, uztarketa hortatik sortzen ziren distira handiko pilotariak. Tapia II. baino hobeak baziren, zergatik, nire kasuan, haren irudimena iltzatuta geratu.
Berezitasun bat zuelako, artistarena. Inperfekzioekin, baina artista.
Hamabi bat urte —hamalau urte bete gabe, adin horrekin debuta egin nuelako, Zaragozan. Igande arratsaldetan gertatzen zen, Beotibarren esku-pilota jaialdia. Funtzioa hasi aurretik han nintzen, atarian. Kantxa eta palkorako sarrera zutenek ate batetik; gallinerokoak beste batetik. Estelerra bigarren partidua izaten zen. Gallineroko atezainak, bati Txitxipia deitzen zioten, meharra, ilea urdin-urdina. Berarekin egoten zena beltzarana, mutur-beltz bat, andaluziarren itxura hartzen nion. Urte dezente geroago jakin izan nuen euskaldun peto-petoa zela, jatorraskoa gainera.
Estelarra hastear, bi atezainek: Txitxipia eta mutur-beltza, gorantz joaten ziren. Partidua ikusi nahi haiek ere, zainduko zuten gainaldeko atetzarra norbait sartzen saiatzen bazen. Atearen atzean ni. Ez nintzen bakarrik izaten, beti bazen beste ni bezalako gazteen bat. Atetzarra irikiko genuen poliki-poliki, zirrikitu bat… Bi atezainak zutik bizkarra emanda partidua ikusten, artekarien marmarra, harmailak mukuru… atezainen deskuiduan gu, korrika egiteko prest ziztu bizian, galeriako eserlekuen atzekaldian, azpitik pasadizoa zegoen, handik abiatuko ginen, gero, nola ahala leku bat egingo genuen harmailetako lehenengo lerroetan.
Atetzarrak ordea, zarata ikaragarria egiten zuen: graaaak!… ekidiezina. Baliatzen ginen gure lasterketa egiteko klimax edo tanto on baten ostean sortzen ziren txaloak eta zalaparta, barrura, oharkabean sartzeko.
Denetako emaitzak izaten genituen. Lortzen genuen debalde sartzen, harmailetan galtzen. Besteetan ordea, ohartuko ziren gure jokaldiaz eta atzetik izango genituen bi atezainak, ile urdina eta mutur-beltza. Kalera bidaliko gintuzten… belarritik helduta. Berriz saiatzeko, bihotza ahotik aterako zitzaidalakoan ezkutatzen nintzen jende artean, harmailetan. Jakinaren gainean atzetik segika nituela… Minutu batzuk, eternitate bat, pasatu ondoren, egotzia izateko arriskutik kanpo, hura lasaitasuna…
Horrela igande arratsalde askotan.
Egoera surrealista hartan izan nuen aukera, bi atezainei muzin egiten nienean, jokatzen ikusteko garaiko eskupilotako pilotari onenak, haien artean Tapia II. Patilla luze eta gilborra… eta boleak, merezi zutenak pairatzen nituen miseri guztiak.

Deja un comentario