Ezagutzen nauzu, Jon (II)

Donostia, otsailak 17. Kaixo Jon: agindu nizun bezala hemen nauzu berriro. Larunbata da eta eguraldia nahiko petrala dugu, euri zaparradak, tarteka, aterruneak; eguraldi nahasia benetan. Labriten, Iruñan, esku-pilota partidua bukatu berria da. Gaur ere pilotalekua leporaino beteta, esatariak, Josetxo Lizartzak zioen, beste 600 bat sarrera salgai egon baziren, denak salduko zirela.

Estelerra bikaina izan baita, txapelketakoa, naiz eta dagoeneko finalerdietako bikoteak finkatuta egon arren, interesa piztu du Altuna III.a eta Martija, Olaizola II.a eta Imazen arteko partidua. Ikusten ari nintzela nire gogoa Mexikon ordea. Han hasi baita aurtengo denboraldia, ostegunean hain zuzen, ondo dakizun bezala. Ezagutzen nauzu, Jon. Eginahalak egin arren nostalgiak eramaten nau beste garaietara eta Kuba, Mexiko eta beste plaza sonatuen oroitzapenak revival baten antzera hasten zaikit dantzan Mexiko irekita ikusteak.

Mirari bat, gaur egun, frontoietan apustuak behera egin dutenean, enpresa barruko partiduak zentzua galduz, nire ustez; Mexikon berriz, lege zaharreko eskemak berriro errepikatzen. Ez al da harrigarria?

Geroari begira baino komeni dela orainaldian zentratzea, pentsatzen ariko zara. Eta arrozi duzu. Halere, utz nazazu zerbait esaten. Nik behinik behin, ez diot etorkizun handirik ikusten eskema zaharrari, enpresa barruko partiduetan oinarritzea denboraldia, bizpahiru txapelketa kenduta. Eskerrak denboraldiak lau hilabete irauten duela, hortik gora kaltegarria. Zergatik? Egoera gaiztotu egiten delako, jendea, pilotariak, publikoa, enpresa; hau da, ajente guztiak bide ilunean sartzen direlako. Egoera arrunta bihurtzen delako. Jendeak ikuskizunaz aparte, zerbait berezia espero du. Harro sentitzea bertan dagoelako. Zer motatako publikoa hurbilduko da izarrek parte hartzen ez dutenean: apustulariak, esango nuke. Ezagutzen nauzu, Jon. Ez bagara aldatzen olatuak gainetik pasatuko digu, eta orduan esango dugu, ez zela nahikoa egin. Propaganda gutxi. Enpresarien interes eza… etabar.

Indartsu hasi da zaharra, Olaizola II.a eta Imaz,  7 eta 2, markagailua alde. Partidua luzea da, 22 urruti ikusten da oraindik.

Egia al da Mexikon setetan jokatuko dutela, inaugurazio egunekoa salbuespen? Gozoak egongo dira talibanak. Ni, ezagutzen nauzu, Jon, seten aldekoa naiz. Badakit tokian tokiko hartutako neurriak errespetatu behar direla, baina Euskal Herrian behintzat, seten sistemak funtzionatzen du. Apustuak desagertuta, jende berria erakartzeko eta entretenitzeko, setak, jokotara, hoberena.

Apurka-apurka erasora pasatu dira Altuna III.a eta Martija. Aimar defentsan, Imaz, nola edo ala, larri eta estu. Aurretik jarri dira urdinak, Jokin eta Martija.

Inaugurazioko estelerraren bukaera ikusi nuen, lau tantoz Goiko eta Irastorza nagusitzen. Ez omen zen izan partidu ona, normala den bezala. Enkantxatzeko oraindik. Lopez esku-eskuan pilota galtzen, zeinek esan. Ikusi egin behar sinesteko.

Telebistarako erretransmisioa eskasa iruditu zitzaidan, nahiko lanak jarraitzeko. Hemen Euskal Herrian halakorik egingo balitz, epelak entzun beharko lituzkete EITBkoek. Bestaldetik irakurri dut Javier Egiak idatzitakoa gai honi buruz eta ontzat ematen du, hobetu beharra baina lan txukuna egin dutela, erretrasnmisioa dela eta. Egia jaunak jakingo du hobetogo, bera telebistako profesionala da Cancunen, eta ezagutzen du gaia. Nik, nire iritzia ematen dizut. Ezagutzen nauzu, Jon.

Merezi du dena alde batera utzi Altuna III.a jokatzen ikusteko. Artistak ez dira sortzen egunero, magia egiteko gaitasuna gutxi batzuen esku dago. Gauza bat da pilotari ona, goi mailakoa; eta bestea, ikuslea liluratzeko gaitsauna izatea. Gogora ekartzen dit Bolibarko Txikito. Bera bezain onak baziren, Katxin Uriarte urrutira jo gabe. Txikitok ordea, bazuen zerbait apartekoa. Garai bateko pilotako kronikalari batek, Juan de Egizalek, erdaraz esaten zuena: destapó el tarro de las esencias. Altuna III.ak noiznahi irekitzen du ontzia eta sortzen dena da lurrin sorgintzailea.

Eskerrak Jai Alai Newsek egindako lan eskergari hemen Euskal Herrian, tarteka egunkariren batek aipatzen duen Mexikori buruzko albisten bat. Esku-pilotaren dikatadurapean bizi gara bestelako pilotazale ere garenok. Tokian tokiko eskemari jarraituz hemengo establishmentak?

Mexiko?… Exotikoa, urruti samarrekoa zilborrari begira bizi denarentzat.

Dena dela, Mexikon sona handiko torneo bat ospatu, hango enpresa saiatuko balitz harremanetan jartzen EITBko arduradunekin, zuk uzten duzu uko egingo lioketela gozoki horri?

Pitin bat ezagutu nuen nola burutu zen Orlandoko Citrusa, EITBn eman zutena, eta orduko jarrera ikusita ziur naiz kosk egingo liokela EITBk halako gozokiari. Ezagutzen nazu, Jon. Gurean kritikak besteengan zuzenduta izaten dira, baina erruak gure baitan daude; etxe barruan.

Ezagutzen nauzu, Jon. Ez naiz kirol zale amorratua. Soilik goi mailkoen jarraitzaile; bai, Championitis zalea, futbolean edota pilotan. Horregatik esku-pilotarekin ere gozatzen ari naiz. Jasangaitzak egiten zaizkit teloneroak, aitortu behar dizut, baina goi mailako estelar baten aurrean, gozatu egiten dut. Bestela zeharo aspertzen naute.

Buzoa jazteko erreparoa ez daukan pilotari mota da Altuna III.a. Bikote egokia osatzen du Martijarekin. Azken hau ez nuen ezagutzen. Gero eta hobetogo ikusten dut. Serio, langile, jo ere, dezente. Txaloak aurrelariarentzat izaten dira, lan isila atzean egiten da. Gogora etorri zait Beaskoetea II.arekin jokatutako hainbat partidu Gernikan. Bikote indartsua osatu genuen garai batean, zu ez zinen oraindik jaioa, atera kontuak. Izaten ziren partidu gogorrak, guk behin eta berriro pilota berriak atereaz, piloteo amaiezinak. Nik mendean hartu, Gonzalok trebeziaz bukatzeko. jipoi ederrak. Biharamunean, Deia egunkaria propio erosi. Ea Fernando Castrok zer zioen. Berebiziko losintxak Beaskotxearentzat. Kronikaren bukaeran… Zulaika II, cumplió… Horrekin konformatu behar.

Martija, partiduak aurrera egin ahala, onena bilakatzen ari da. Fernando Castro, entzun! Cumplió, no, el mejor de los cuatro.

Ez dakit bi hilabete nahikoak ote diren norbere jokoa erakusteko. Goikoren denboraldia bi hilabetekoa izango baita. Nik usten dut konturatu orduko, kantxari eta  aurkariei tankera hartzen hasten dienean, honuntza etorri beharrak ez diola lagunduko. Lau hilabete, bestaldetik, elkarren aurka, orduan bai esan litekela nor nagusitu den.

Gaur jokatzen du Goikok bigarren partidua, Olharanen aurka. Mutil jatorra da Iñaki, berarekin gelditu naiz astean behin edo, txateatzeko, jakiteko zer moduz ari den. Izango duzu horren berri.

13 eta 22 Altuna II.a eta Martijaren alde partidua bukatu denean.

Bitartean har ezazu besarkada bat. Eta ez ahaztu etxean dituzun hiru printzesei muxu bana ematen.

Deja un comentario