Goikoetxea: D.Ftik zuzenean

Gose da Iñaki Osa (Goikoetxea. Gosez baino amorruz pilotan egiteko. Hala adierazi zidan joan den astelenean  wasaparen bitartez, Mexikotik zuzenean. D.F.n da Goiko eta dagoeneko bi partidu jokatu ditu; biak irabaziz.

Ez nau harritzen. Ilusioz gainezka joan da Mexikora. Aurreko urtean ez joateak pena handia eman zion. Aurten ordea, gauzak erabat aldatu dira. Motibatuta dago eta, gainera, berebiziko prestakuntza egin du. Duela aste batzuk, Austrian, Red Bullek duen egoitzan eman zituen bost egun –eliteko kirolariak elkartzen diren gunean. Hiru egunetan esfortzu frogak, ariketa fisikoak, egiten pasatu zituen. Datozen hilabeteak, partidu kopuruen arabera, planifikatzen. Bi egun sikologoekin lanean…

“2017a oso eskasa izan zen niretzat, bai partidu gutxi jokatu nituelako, denborik ez enkantxatzeko. 2018 urtea, berriz, jokatzen hastea, gogo handiarekin, fisikoa asko landu dut. Korrika egin dut, bizikletan…

Kristoren gogoarekin nengoen Mexikora etortzeko”.

Bi hilabete emango ditu Mexikon jokatzen, 17 bat partidu.

“Bi partidu jokatu eta gero oso gustura sentitu naiz. Izango da nahiko denbora nire maila erakusteko. Naiz nire aurkariek kantxa ezagutu, denok batera hasi dugu denboraldia”.

“Kantxan sartu nintzenean inpresioa egin zidan. Handia, oso luzea. Zazpitik atzera ailegatzeko eman beharko zaio, pentsatu nuen. Materiala, pilotak, ordea, oso biziak dira. Atzera oso erraz ailegatzen da. Gernikaren aldean, nahiko erraz. Ni pilota biziak gustukuak ditut, eta hemen, aldiz, motelagoak ateratzen saiatzen naiz. Hala ere, pilota guztiak oso biziak dira. Kantxa naturala da bestela. Eskumaz naiz errebesez jokatzen dutenentzat, egokia. Bi-paretak ez dira asko zabaltzen. Kostadilloa ordea, oso ondo irekitzen da”.

Mexikon setetara ari dira jokatzen. Inaugurazio gauean salbuespen bat egin zuten, 20ra jokatu behar zen partidua, azkenean 30rrera jarri zuen Andrinua intendenteak, publikoaren eskaerari amore emanez.

“Nik nahiago dut 30rrera edo 35era jokatzea. Zesta-puntaren egoera ikusita, jendea erakartzeko ideia oso ona da setetara jokatzea. Emozio gehiago dago, publikoa errazago sartzen da partiduan. Gaur egun bi setetara ohitu beharko gara. Esplosiboagoa da, beste jarrera bat eskatzen du».

Red Bullen babesa dauka Goikoetxeak.

“Sinatu nuen egunetik, bai Euskal Herrian, Frantzian edo Mexikon, argi dago nik Red Bullekin jokatuko dut edo ez dut jokatuko. Urte guztirako daukat akordioa Red Bullekin. Oso pozik nago beraiekin, eta beraiekin jarraituko dut. Mexikotik etorri zirenean, zenbakitaz hizketan hasi aurretik, nik esan nien: Red Bullekin nijoa edo ez nijoa.

“Ez daukazu arazorik”, erantzun zidaten. “Orduan hitz egingo dugu. Beste enpresa guztiei berdina, nik Red Bullekin jokatuko dut edo bestela jokatu gabe geratuko naiz. Zortez Red Bullek laguntza guztia ematen didatela eta oso gustura nago beraiekin”.

Sentsazio onak izan zuen debutatu zuen gauan. Frontoia beteta. Tratua pilotariei.

“Izarrak bagina bezala, argazkiak, prentsa, telebista, elkarrizketak… 32 kazetaritik gora.

20 urte hauetan ez dut halako esperientzirik izan”.

Osteguenean debutatu eta ostiralean frontoian zen. Beste pilotariak ikustera, batzuk ezagunak, beste batzuk berriz, ezezagunak.

“Ondo etortzen da, bertan egonda egunero ikasten duzu zerbait. Kantxa eta materiala analizatzeko”.

Hotel batean bizi da Iñaki. Frontoitik ordu erdira oinez. Bizimodua erabat aladatu zaio. Zumaian ez zuen denborarik ezertarako, lana eta familia. Orain ordea, telebistaren aurrean lasai egoteko, hotelean bertan daukaten jinasioan ariketak egiteko, paseo batzuk bazkal ondoren emateko. Etxekoen minez, teknologiari esker, egunero konektatzen da familiarekin.

Debuta egin aurretik, kazetariek, “El Rey” goitizenez izendatu zuten Goikoetxea.

Nago bere erresuma bilakatuko duela Goikok D.F.ko pilotaleku historikoa. Kupidarik gabe astinduko dituela bere eskumakadak eta erreboteak. Agian, inoiz baino motibatuago jokatuko du, gogoa dauka, jokoa ere bai. Kantxa, ematen du berarentzat ezin egokiagoa izango dela. Red Bullen logoa darama kaskoan eta zestan. Are gehiago, euren babesa. Ezin du hutsik egin. Erakutsi behar du gai dela abantailak emateko. Hor neurtzen baita benetako txapelduna. Erregea eta menpekoen arteko aldea.

  

Deja un comentario