Gallastegi eta Shaquille O´Neall

Donostia, 2018ko martxoak 3

Kaixo Jon, agindu nizun bezala hemen nauzu berriro, baina oraingoan Berria egunkariko “Kontrakantxatik” sailean idazten. Ez duzu jakingo, oso gaztea zinelako, ehundik gora artikulu idatzi nituen Egunkarian lehendabizi, Berrian gero, pilotarekin lotutako lanak.

Ezagutzen nauzu, Jon. Berriak berriro eman dit aukera idazteko, ez paperean plazaratzeko, formatu digitalean baizik. “Kontrakantxatik” du titulua blogak. Zu, pilotaria izanik, ondo dakizu kontrakantxa leku egokia dela jokoa jarraitzeko. Beraz, leku pribilegiatu horretatik saiatuko naiz kontatzen nire erara. Ezagutzen nauzu, Jon.

Migel Gallastegi bere etxeko saloian dago telebista ikusten. Pilota partidua ematen ari dira, aurreko koadroetan Laso eta Irribarria, Gallastegiren gustuko pilotariak biak; atzekoetan, Albisu eta Merino II. Migelek entzuten duena eta ikusten ari denarekin ez dator ados, esatarien ahotsa kentzea erabaki du.

Aldameneko mahaitxoan betaurrekoak ditu, bereziak dira. Migelek ehun urte bete berriak, biloba batek egindako oparia, 1.500 bat euro ordainduta.

Gallastegi telebistak eskaintzen dituen irudiak ikusten ari den bitartean, gogoa iraganera joan zaio, maiz gertatzen zaiona. Esku-pilotaren patriarka bere garaiaren defendatzaile sutsua da. Ez da nostalgia kontua, ezta ere egozentrismoa. Desagertu den aro baten lekuko da Gallastegi eta ez da isiltzen Estiloa baloratzen du, indarra… joko maila. “Orduan pilotariak bat ona eta beste bat hobea ziren… Baziren dozena bat pilotari fenomenoak”…   

Nik ere, Jon, ezagutu dut Gallastegik aipatzen duen mundua, berrogei urte gazteagoa izan arren, balore horien arrastoak indarrean zeuden nire ibilbidearen zehar. “Pilotan gehiago estutzen zituzten pilotariak, gehiago exijitzen zitzaien”…

A!… pentsatzen ariko zara dagoeneko:  “zaharren kontu zaharkituak”… Nekosoa, astuna egingo zaizu, ulertzen dut.

Baina zuri ere, pilotari gaztea izanagatik, gauza berdina gertatuko zaizu. Datorrena desberdina izango da. Gure garaian pilotazaleak hurbiltzen ziren frontoietara pilota ikusi nahi bazuten. Orain etxetik jarraitzen dute, baina jada ez dira pilotazaleak, ikusleak baizik. Nukleo gogorrak hor jarraitzen du, estiloa, indarra… balioesten. Ikusle berriak beste zerbaitekin asetzen dira. Ikuskizunaren liluraz hurbiltzen dira kontsumitzaile berriak. Abiadura gustuko dute, beste edozer gainetik.

Badakizu Jon?… Google, Alibaba edo Warner bezalako erraldoi teknologikoak milioiak inbertitzen ari direla mixed reality, errealitate areagotua eta birtuala nahasten? Ideia nagusia da zaleak sentitu dezan esperientzia bat pabiloian, kantxatik gertuen, barruan balego bezala. Eguzkitarako erabiltzen diren betaurrekoen tamainakoak erabiliz. Imajinatu zure etxetik baina frontoain bertan zaudela, zuzenean partidua jarraituz, sare sozialak, pantaila desberdinak eskura, informazio mordo bat. Bost urte baino lehenago posible izango dela diote.

Entretenimendua esperientzia ikaragarria bilakatuz.

Dagoeneko NBAko partidu historikoak ikusteko aukera bada mixed reality teknologia erabiliz.

Shaquille O´Neal basket jokalariak frogatu omen du eta haluzinagarria dela zioen. “Kantxa osoa ikusten nuen eta LeBron zegoen justu nire aurrean. Besoa mugitu nuen eta Orlando Magic Lakersen aurka ikusten jarri nintzen”…

Sustapenerako irudiak inpaktanteak omen dira. Zure etxeko saloia NBAko pabiloi bat bihurtuta. Jokalariak birtualki etxeko hormak apurtuz errealismo ikaragarri batean. Izan ere, promozioan zure egongelako adreiluak apurtzen dituena Shaquille O¨Neal omen da bere 216 zentimetroekin, 150 kilo.

Irribarriak eta Merino II.ak aurrea hartu dieta Laso eta Albisuri. Gallastegiri jakin-mina sartu zaio. Zertarako ote dire bilobak oparitutako betaurrekoak… Jantzi ditu eta bat batean. Boooommm!!… hain ezaguna duen Astelena pilotalekuan sentitu da, pilotaren zarata! artekarien garrasia!… Irribarriak salto egin du horman eta leherketa bat somatu da etxe barruan, Gallastegiren saloiko horma birrindu du pilotari gazteak, estilo handiz eta indarrez… Besoa jaso du patriarkak nahi gabe eta… beste eztanda bat. Shaquille O´Neall da oraingoan jauzi eginez zutik geratzen ziren adreiluak txikituz…

Gallastegi shock egoeran aurkitu du bilobak etxeratu denean…

Deja un comentario