Migel Gallastegi eta biok: Herrigintzan

Donostia, otsailak 24. Kaixo Jon, hemen nauzu berriro. Euripetik otzera egin du eguraldiak, zerua oskarbi, baina otza. Gogora ekarri dit Connecticuteko negu gorriak, bi hilabete gogorrak jasan eta gero, martxoan samurtzen hasten zen eta orduan, somatzen genuen udaberria iristear zela, eta, pozik, handik gutxira Euskal Herrian izango ginela.

Zuek berriz, Floridan, urteko sasoi onenean zaudete, otzik ez eta udarako bero sapatik urrun. Gozatu, Jon.

Gozatzen ari da Mexikon, Goiko (Goikoetxea). Joan den astelenean kontaktuan jarri ginen wasapa erabiliz (horiek dira adelantuak). Gustura joan da D. F. ra eta ez naiz harritzen. Iazkoa urte eskasa izan zen berarentzat, apenas jokatu baitzuen. Ditxosozko babesleak direla eta, azkenean partidu suelto gutxi batzuk  besterik ez zituen jokatu. Gure kirola halakoa baita. Txikia eta istilutsua. Zuk hain ondo gertutik ezagutzen ari zarena.

Mexikon behintzat izango du aukera bere maila emateko, berak pentsatzen du 17 partidu nahikoak izango direla. Zuri zer iruditzen zaizu? Badirudi kantxa egokia dela berarentzat, luzea eta bizia. Bote-korridoz ondo moldatzen da eta eskumarekin min handia egin dezake, kantxa luzeak sortzen dituen hutsunak bilatuko ditu. Konfiantzaz hastea inportantea izaten da. Berak zioenez, bigarren partiduaren ostean sentsazioak oso onak izan zituen. Badut gogoa Goiko handi bat ikusteko, abantailak ematen, kantxan agintzen. Bera eta Lopezen arteko norgehiagokak afizioa bultzatzeko modukoak izan beharko lukete. Merezi du D. F. ko frontoi historikoak. Behar du zesta-puntak. Ezagutzen nauzu, Jon. Eliteko pilotariek ardura handia dute. Kantxan hitz egin behar dute, gero kazetariek jasotzeko, jendea frontoira erakartzeko.

Hitz egin zuena Barrenetxea izan zen. Ez dakit irakurri zenuen Diario Vasco egukarian egin zioten elkarrizketa. Mamitsua benetan.

Ez dakienarentzat esan, Jose Mari Barrenetxea, Oriamendi 2010 promotoraren arduraduna dela, duela 8 urte sortutakoa zulotik ateratzeko erremontea. Ez zion Barrenetxeak koska egin minganari. Urtero ospatzen duten «Erremontearen Galaren»  kariaz, zera esan zion kazetariari.

“Pilotariak gasolinaren truke ari direla jokatzen”…

Azkeneko hiru urtetan 50.000 euroko diru-laguntza izan dutela Eusko Jaurlaritzatik. Berriro joan direla diru eske baina, oraingoz, ez dutela erantzunik jaso.

110 jaialdi eskaintzen dituzte Hernanin (Gipuzkoa) kokatuta dagoen Galarrreta frontoian. Bataz beste 160-180 lagun hurbiltzen dira jaialdi bakoitzean. Finaletan eta, 600-800 bat. Urtebeteko aurrekontua: 500.000 eurokoa.

Barrenetxea kexu agertzen zen kazetariaren aurrean. Beste modalitateak jasotzen dituztela hainbat laguntza erakunde publikoen aldetik. Esku-pilotatik hasita, zesta-punta, eta palak ere bai. Azken honi buruz eman zuen datoa zur eta lur utzi ninduen. Alegia, palak Miribillako Bizkaia pilotalekuan jokatzeagatik urtean 1.400.000 euroko laguntza dutela, esan zuen Oriamendi 2010ko buru denak.

Sinestezina egin zitzaidan. Jarri nintzen kontaktuan informazio fidegarria izan dezakeen lagun batekin, eta berak gauza bera pentsatzen zuen. Agian, Bizkaia pilotalekua martxan edukitzeko kostea izan litekela,19 langile baitaude bertan lanean,

baina palak soilik halako kopururik, ezinezkoa.

Galarretaren kasua medio, artikulu mamitsua idatzi zuen Iñaki Galdosek, Berria egunkarian. Galdos federatiboa izan zen Kiko Caballeroren garaian; gero hainbat kargu politikoak izan dituena.

Herrigintzaz aritu zen Galdos bere idatzian, Galarreta ispilu hartuta. Erakundeek euren lana egiten dutela askotan, baina jendeak atzera edo sahietsean geratzen dela. Burujabetzari buruz hainbat txosten aurkezten direnean, egunerokoan jendearen konpromisua gero eta eskasagoa.

Ezagutzen nauzu, Jon. Nik beti galderak egiten nire buruari. Merezi al du dirua ematea Galarreta bezalako kasu bati. Berdin zesta-puntari edo palari. Zer esanik ez esku-pilotari. Gai potoloa da diru laguntzarena erakunde publiokoetatik sortzen denean.

Zenbat diru gastatzen den herrigintzan, EITBn bakarrik. Diskriminazio positiboa deitzen diote, oker ez banago. Hor, Estatu Batuetan, ere gertatzen da. Nik, behinik behin, hor entzun nuen horretaz hitz egiten. Gutxituei ematen zaien diru laguntzak direla eta.

Ustezko herrigintza, diskriminazio positiboa eta darwinismo ankerraren artean harrapatuta.

Herrigintza aipatzen dudala. Bihar, igandea,  betetzen ditu ehun urte On Migel Gallastegik, esku-pilotak eman duen pilotari onenetakoa. Aste hontan entzuten nion Amatiño kazetariari Gallastegitaz hitz egiten. Zera zioen, besteak beste, Gallastegi izan zela esku-pilotako pilotari bakarra pilotaz soilik bizi izandakoa, beste gainontzekoak beste lanak, side-jobs, egiten zituzten bitartean. Lehendabiziko liberatua esango nuke, esku-pilotan.

Gallastegiri esker hobetu zirela aldagelak eta pilotarien lan baldintzak.

Nik, On Migel ezagutzeko aukera izan dut. Maitagarria egin zait beti. Pilotatik bizi bakarrik ez, bere biografi harrigarria eraman du estandarte bezala. Bere buruaren enbaxadore onena izan da. Lekuko desagertu den aro batena, naiz eta berak, 100 urterekin, egoskor, aro horri lotuta jarraitu. (Pilotari ohi askori gertatzen zaigun bezala).

Herrigintza dela eta, behin gertatu zitzaidana kontatuko dizut. Hogei bat urte izango dira. Artean Euskaldunon Egunkarian astean behin edo kronika bat idazten nuen. Deitu zidaten bertatik esanez ea joango nintzen Ataunera (Gipuzkoa). Aste Kulturala (herrigintza) ospatzen zela eta interesatuak zeudela Gallastegirekin, hitzaldia edo elkarrizketa egiteko asmoarekin. Nire ardura izango zen jende aurrean galderak egitea Gallastegiri.

Jaso nuen Gallastegi handia Donostian, Urumea ibaiaren ondoan bizi den lekuan eta abiatu ginen nire opel-corsan kontu-kontari biok, Ataunerantz, Aste Kulturalean parte hartzera. Jendearen jakinmina asetzera. Iaioa da hizketan Gallastegi, espero nuen joko handia emango zuela halako ekitaldi batean.

Heldu ginen Ataunera, kultur zinegotziak lagundu zigun Kultur Etxera, jarri ginen areto eder batean, jendearen zain.

Minutuak joan-etorrian; inor ez zen agertzen. Gallastegi ez zen isiltzen. Ni ordulariari begira, urduri. Programazioan okerren bat, nire artean. Azkenean hasi ginen saioa, ni, sasi-kazetari, aurkezlearen paperean. Gallastegik berebiziko istorioak  kontatzen, detaile guztiekin…

Gozada bat izan zen Gallastegi handiari entzutea.

Lastima gure audientzia hain mugatua izatea:  kultur zinegotzia. Aulkiz betetako areto ederra, hutsik.

Bukatu genuenean,  gure entzule zintzoa, zinegotziak. Afaltzera konbidatu zigun inguruko jatetxe batean. Baita bapo afaldu. Hizketan egokia bazen Gallastegi, jaten ez zen atzean geratzen: salda, frijituak, legatza albardatuta eta solomilloa, gehi postrea. On Migelek, magno kopa.

Herrigintzaren kariaz dena. Migel Gallastegi eta biok.

Zorionak Migel! besarkada handi bat. Baita zuri, Jon. Eta muxu bat etxean dituzun bi printzesei.

Deja un comentario