Oitzen: Laxoa Txapelketa

Irundik Nafarroara iritsi arte eguzkia zen nagusi, baino behin Beratik pasatzean lainoak ugaltzen joan ziren. Donezteben euria ari zuen, zaparrada suelton bat, pentsatu nuen nire artean. Hiru kilometrotara da Donamaria, hortik mila metrora Oitz herria. Euri jasa atertu zen eta berriro eguzkiak bazter guztiak berotzen zituen. Mendi magalean kokaturik dago Oitz, ez daude kaleak, bide oker bat errepidetik plazaraino, baserriz inguraturik. Plazara heldu baino lehen Marijo, Idoia, Cesar eta Katxinekin egiten dut topo. Nola hala autoa aparkatu eta plazara abiatzen gara, hor baita pilotalekua, plaza bera.

Etxe batean sartzen gara, ostatua eta udaletxea, aldi berean. Arratsaldeko bostak dira baino mahai gehienak jendez beteta daude, bazkaltzen oraindik. Ebaki bat eskatu eta zeharka begiratuz telebistan Donostiako Klasikoa ematen ari dira. Valverde alde eginda dijoa Igeldotik behera, garaipena berea du, laister jasoko ditu bi besoak.

Balkoira ateratzen gera, ez da leku txarra pilota partida ikusteko, plaza osoa begiztatzen da. Duela ordu erdiko euri jasak zorua bustia utzi du. Mutil bat erratza eskuan duelarik ura sekatzen ahalegintzen ari da, ez dauka lan makala aurrean, gainean degun eguzkiak lagunduko al dio gizarajoari.

Iristen hasiak dira pelotariak, guanteak besapean, jada txuriz jantzita. Donestebetarrak elastikoa gorria dakarte soinean; Iruritakoak, berriz, txuriz goitik behera.

«Joko salbajea dek», abisatu zidan Daniel Carballok joan den asteazkenean Baldan.

Nondik jarraitu jokoa? Horra hor gure kezka. Izan ere, laxoako partiduetan, Oitz bezelako plazetan, ez daude harmailarik, ezta sarerik ikusleak babesteko. Publikoa ahal duen tokian kokatzen da, balkoian, sahietsetan, pareta nagusaren ezker partean, sakalariaren gibelean… Sakalariaren atzean jartzen gera, jende artean. Paskualetik hiru edo lau metrotara. Gure ondoan, doneztebetar gazte batzuk animoak ematen dizkiote Paskuali, sakalariari. Aurpegi serioa du honek, jokoan zentratuta. Laster jokoan izango de herriaren ohorea, bi ordu barru jakingo da zeintzuk irabaziko duten aurtengo Laxoa Txapelketa.

Ez degu sekula guante partidurik ikusi zuzenean, bideoan bai, liburutan pasarte batzuk irakurrita baita. Hasieratik txundituta nago. Sekula santan ez dut sentitu halako zirrararik pilotan, ez jokalari bezela, ezta ikusle gisa. Jokatzen ari dira eta zeu ere jokalariekin bat egiten dezu. Kantxarekin, plazaren arkitekturaekin, paisaiaekin. Erabat jokoan murgiltzen zara. Ez dago distrakziorik, hobe. Deskuidatuz gero, arriskua dezu pilota sueltoren bat zure ingurura etortzea eta zure integritatea zalantzan jartzeko.

Eguzkiak indarrrarekin berotzen du, frontisaren gainean, ez oso urruti, mendi gailur baten profila marrazten da zeru urdinak, Ifarraldeko frontisen kurbatura bera du mendiak.

Laukotea osatzen du talde bakoitzak. Eskuetan guanteak, behi larruarekin egindakoak. Sakalariaren guantea luzexoagoa da, bere kideena, motzak eta zabalagoak. Ez dute pelota jotzen edo atxiki egiten ondoren jaurtitzeko; xirrist eginez ateratzen da pilota guantetik, erremontistek egiten duten bezela. Peloteoa laburra da, ez zera aspertzen, segundu gutxi batzutan kintzea egiten dute. Jokoka jokatzen dute, 40ra, tenisaren moduan. Bederatzi joko egiten duen taldeak irabazten du partidua. Ez galdetu neri araudiari buruz, arraiak noiz eta non jartzen diren. Jo Tiburtzio Arrastoarengana horretarako, Laxoa Elkarteko buruzagia, pilotako joko zaharren apostolua.

Euskal pilota joko molde desberdinen artean, zaharrena da laxoa, bote-luzearen ondoren. Milaka urtetik hona jokatu izana. Inguruko mendietan pilota-soro deitzen zaien esparruak, horren lekuko. Pilotaren jatorria, esentzia, inon bada, altxor preziatuan moduan gordeta, hemen da, Oitz bezelako plazetan, baita Nafarroako inguruko herrietan, Arrastoa jauna eta bere kolaboratzailei esker.

Giro nekazariko denborapasa edo kirola zen laxoa. Jokatzen dena herriz-herri, bailaraka, elkarren aurka. Ifarraldeko ordezkariak edo Hegoaldekoak, hainbatetan kontra. Noizbait kirol nazionala izan badu Euskal Herriak, laxoaz hitz egin beharko genuke.

Harrituta geratu ginen ze serio hartzen zuten pelotariek partidua. Profesionalak baino grina askoz handiagoa erakutsiz, baita haserre galantak. Aldamenean nuen Katxinek hala zioen: «horrek (Iruritako sakalariaz) Pedro Mirren garaian zer nolako multak hartuko zituen…».

Jokomolde zuzenak: laxoa, errebotea edo paxaka, zentzu territoriala dute. Partaideek herria, lurraldea defenditzen dute talde barruan. Banakakoaren gainetik. Jarraitzaileek talde lana goratzen dute, ez espreski indibiduala.

Modalitate modernoak, aldiz, jerarkikoak dira. Balio indibidualak du garrantzia, pelotaria kotizatzen da, kategoriak daude. Apustuak ere, ez dira egiten herrikoen alde, espekulazioan oinarrituta baizik.

Larri eta hestu ibili ginen behin baino gehiagotan. Plazatik desbideratutako pelota batek kolpatu zuen ikusleren bat, buruan bati, hankan edo sorbaldan beste biei. Batean sakalariari errestoan xirrist egin eta pelota loratuz hor dijoa pelota teilatu gainera, guregana, bistatik galduz, non azaldu edo non joko zigun beldurrez.

Muturreko kirola da ikusleentzat laxoa jokoa. «Joko salbajea dek laxoa», abiatu zidan Daniel Carballok.

Ez dut somatzen ikusleen artean turistarik, gu ez bagara behinik behin.

Iazko txapeldunek, Doneztebek, irabazi zuten txapelketa. 9 eta 5. Hiru jokotara berdinduta joan eta gero. Hura poza doneztebetarrena. Ikustekoa haien besarkadak pelotari eta jarraitzaileen artekoak.

Donostian konpromisua nuela eta alde egi nuen. Sari banaketa eta afaria antolatuta zegoen finalaren ostean.

Gibelean utzi nuen Oitz, mendi magal batean dagoen herria. Asmo batekin buruan alde egin nuen handik: datorren urtean bueltatzeko asmoarekin.

Deja un comentario