Koteto Ezkurra

Autobus geltokira hurbildu naiz. G-1 hartuko dut, Hernanitik Donostiara doana. Erabaki zuzena izan da autoa etxean uztea. Abisatu zuten, gainera. Ahal  bazen garraio publikoa erabiltzeko, pilotalekuaren inguruan jende pilatzeak saihesteko. Agure bat dago markesinan. Laurogei bat urtekoa. Beisboleko txapela buruan, Nike logoarekin. Kirola egiteko oinetakoak.

Ze maiztasunez pasatzen den autobusa galdetu dit gazteleraz. Ez nago seguru eta markesinan ageri den oharrei begiratu diet. Larunbata da, hamabost minutuero, beraz. Euskaraz erantzun diot. Berehala konturatu bainaiz euskalduna dela.

“Hortik zatoz”, galdetu diot. Buruarekin Galarreta pilotalekua seinalatuz. Baietz berak. “Ederra izanda, e!?”

“Bai, merezita”, berak.

Nongoa den galdetu diot. Egiten duen euskara ez baita Donostialdekoa. “Azpeitiarra naiz, Urrestillakoa”. Hara! pentsatu dut nire artean. Txikuriren (garai bateko eskuzko pilotari ospetsua) koinatua dela azpimarratu dit.

“Jagoba (nire lankide ohia) ezagutzen duzu”? esan diot. “Bai, iloba”.

Ni, Arturo Bandini naiz, idazle ospetsua, aurkeztu dut nire burua, eskua luzatuz. Ez da mugitu. Ez dit jaramonik egin. Galarretara begira dago, auskalo zer pentsamenduetan.

“Ona al zen Koteto?”

“Ona!?” Nik 40 urtean ezagutu dudan onena. Esaten dute Abrego hau eta bestea, ez nuen hura jokatzen ezagutu, baina Ezkurra bezalakorik, ezta pentsatu ere”.

Zirikatzeko edo, Intxauspe aipatu diot. Hura ere aurrelari ikusgarria.

“Tira, tira”… mespretxuzko irribarrez.

“Ezkongai nago. Hortxe, 40 urte eman ditut etortzen. Urtea da utzi niola etortzeari. Badakizu, aspertu azkenean, kuadrillakoak banan-banan joaten, azkenean gure taldetxoan, jaialdiko hurbiltzen ginenok, urritzen… Gehiago ez etortzea erabaki nuen!”

”Baina, gaur etorri zara?”

“Nola ez, ba!, nola ez, ba!”…

“Zer zeukan Kotetok hain berezia izateko?”

(Gogoan oraindik frontoian bizitutakoa. Omenaldi ederra bezain hunkigarria. Lankideak, lankide ohiak, ikusleek… eskainitako maitasuna. Kotetoren erantzunaren pareko. Villabonako Oinkari dantza taldeak erakutsitako koreografia ederra bezain originala… Ezkurraren alabak eta ilobak eskainitako aurreskua. Berez aurreskua hunkigarria bada, bi senideek erakutsitako aurreskua  malkotan utzi ninduten. Xumea izan baitzen. Ezohikoa, zangoak buruaren gainetik, dantzari trebeen moduan. Alabak eta ilobak erakutsitakoa, adierazpen  fisikohutsa izatetik harago zegoen… muturreko maitasunarekin zer ikusia duena).

Sutu da pitin bat urrestildarra, egindako galderaren eraginez.

“Zer zeukan Kotetok!? diotsu?…

Dena! Zango azkarrak. Bista edo kolokazioa inork ez bezala. Kolpea apartekoa. Pilotak saskia zeharkatzen zuenean, zarata baino, xuxurla. Hain fina, hain delikatua. Beste gauza bat esango dizut. Kantxan egindako balentrien arabera neurtzen dituzte figura handiak. Urtean zehar emandako abantailak. Irabazitako txapelak… Niretzat erantsi behar zaio beste zerbait. Lankideekin izandako harremana. Epaileekin. Publikoarekin errespetuz jokatzea. Intendentearekin. Enpresarekin hortzak erakutsiz erakutsi behar zenean, eta malgu jokatzen bolada txarretan. Kotetok denak bete izan ditu. Goitik behera txapelduna. Horregatik etorri naiz gaur”.

Txaloak bai baino inoiz txistuak joko zenioten, galdetu diot. Pikaroaren irribarrea marraztu zaio ezpainetan. Berak ezer esan baino lehenago aurrea hartu diot. “Dirua barra-barra jokatzen zen bertan. Askorentzat Sodoma eta Gomorra izan da Galarreta, jokalarien paradisua”…

“Ni, ni ez naiz apostalaria izan. Tira, kantitate txikiak, bai. “Bokilleroa” —harmailetan, bosgarren koadroaren parean, euren artean trabesak eginez, artekariak saihestuz, korretajea, beraz, ordaindu gabe— nintzenez gutxi jokatzen nuen, denbora-pasa. Baziren batzuk, ordea, 500 euro arte jokatzen zutenak.

Behin, ari ginen gure artean bata besteari deman eta, hurbiltzen zaigu Erzilla jerentea esanez debekatuta zegoela era horretan apustuak egitea. Bazen gure artean harri-jasotzaile bat (ez diot ulertu zein herritakoa). Altxa da gizon puska hura, eta paparretik helduz esaten dio Erzillari. “Aizu, guk sarrera ordainduta sartu gara eta ez hasi hemen kargu hartzen. Hemen ezin bada apustuak egin, hor ere ez! artekariak seinalatuz. Ospa hemendik!”

Isil-isilik, buru makur alde egin zuen Erzilla jerenteak.

Laino beltzak ageri dira zeruan. Langarrak espaloia bustitzen hasia du. Galarretako aparkalekua gainezka dago. Festak jarraitzen du. Egun luzea izango da gaurkoa Ezkurrarentzat. Luzea izan da Kotetoren ibilbidea kantxetan. 28 urte eman ditu profesionaletan. Alabak eta ilobak aurreskua dantzatu dute bere aurrean. Ba ote dago sari preziatuagorik?

Badator G-1 autobusa. Igotzerakoan, ni igotzeko aurrena esan dit urrestildarrak. Igo naiz. Orduan, zerbait harrigarria gertatu da. Urrestildarra Galarreta pilotalekura begira jarri da. Aurpegia jiratu bezain pronto gatzezko estatua bilakatu da. Autobusaren barrutik ikusi dut dena. Gizajoa geltokian geratu da, mugiezin. Galarretara, Sodoma eta Gomorrara begira. Lot-en emaztea bezala.

Deja un comentario